XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Guk bibliografia hertsiagoa nahiago genukeen

Luis Mª Mujika

LINAZASORO KARLOS. Eldarnioak Edit. Erein 1991

Karlos Linazasororen Eldarnioak ipuin, narrazio laburrez osaturiko liburua dugu.

Obra honetan azaltzen den errealitate arerioak gizarteak eta pertsonaiak eginikoa bakardadea, gaixotasuna desamorioa, heriotza, suizidioa, erahilketa sortzen ditu errealitate hori eldarniagarri bihurtuz.

Liburua egileak hiru ataletan egituratu izan du: lehendabiziko atala bederatzi narrazioz osaturik, bigarrena bost, eta hirugarrena hamazazpi ipuinez bukatzen du.

Lehendabiziko atalean istorio gehienek badute amankomuneko puntu bat: bakardadea.

Bakardade suntsitzaile honek bakardadea ondokoen heriotzarengatik, afektuen hausturarengatik, besteengandik ezberdin izateagatik, herria hustutzeagatik zabaldu, eta kutsatu egiten du dena; pertsonaiak eta herriko bizitza.

Testuingurua, gehienbat, Euskal herrikoa dugu, gerra edo gerra ondorengo giroa, ohiturak, giza-arauak, Ameriketarako migrazioa, baserriko eta herriko bizimoduak, ongi isladaturik daude.

Testuinguru horren eragina Aldaxi ipuinean nabarmena da.

Bistakoa da nola urte horietako gizarte zurrun eta hestuaren baitan, zapuzketaz eta tragediaz betetzen den eguneroko baserritar bizimodua.

Giroa bezain urkatzailea ama dugu, krudela, semealabak biktima bilakatzen saiatzen dena, bere seme Erromando heriotzaraino eraman arte.

Bigarren eldarnioaren narrazioetan trama, pertsonaiak arazo bortitzaren inguruan ezarten da.

Arazo larri edo egoera latzaren aurrean, berari indarkeria erabiltzea edo jasatea erahilketa, heriotza, suizidioa besterik ez zaio geratuko.

Bigarren atal honetan testuinguru sozialaren arauak ez dira funtsezkoak Dowstoungo kronika istorioan ezik.

Herri kronika honetan, kontalariak ez du gehiegi sakontzen hiltzailearen psikologia, eta susmagarriaren aurkikuntzaren prozesua elementu ahuletan oinarritzen da testuetan trama indarge geratzen delarik.